Foto Personaje

Olentzero

Ez da erraza ikazkina, laguna, jakintsua eta magikoa izatea eta, gainera, harengan sinesten duten guztien ametsa betetzea eta egia bihurtzea. Baina Olentzero gai da hori egiteko. Nola? Haren sekretua eta magia da, horregatik maite dugu hainbeste, eta horregatik da euskal mitologiaren pertsonaia nagusia. Euskal Herriko bazter guztietan ezaguna eta aitortua den pertsonaia honek atzokoaren eta gaurkoaren arteko lotura irudikatzen du. Tradizioa eta oraina. Ametsak eta ilusioak.

Jatorriari dagokionez, interpretazio bat baino gehiago egin daiteke, batez ere erlijio-faktorea kontuan hartzen badugu.

Jatorriz, beste batzuekin batera mendietan bizi zen jentila zen, harik eta egun batean tximista itxurako fenomeno atmosferiko batek KIXMIren etorrera iragarri zien arte. Horrek kobazulo baten barruan ezkutatzera behartu zituen, garai berri bat iritsi zelako. Gero gertatu zenak esanahi desberdina du, aukeratutako bidearen arabera. Kristautasunak tradizioa bereganatu zuen, eta Olentzero Jainkoaren jaiotzaren berri ematera herrira korrika iritsi zen mezulari bihurtu zuen.

Beste batzuen ustez, urtaro-aldaketarekin (olen-tz-aro) lotutako ospakizun baten berri eman zigun, eta horrek baratzean garai berri bat iritsi zela iragartzen zuen (ereitea, uzta biltzea...).

Honexek iraun du gaur arte: Olentzero agure onbera dela, mendian bizi den ikazkina, eta, Gabonak hurbiltzean, Izenaduba Basora jaisten dela, txikienen eskutitzak jaso eta oparien banaketa antolatzeko. Lan hori egiteko, Mari Domingi bidelagunaren laguntza garrantzitsua izaten du beti.

Hori dio historiak, baina, egiazki, Izenaduba Basoan errealitateak beste kutsu bat hartzen du, Olentzero eta Mari Domingi ez baitaude bakarrik. Haiekin batera, eta haiei lagunduz, euskal mitologiako pertsonaia ugari daude: Basajaun, Tartalo, Anbotoko Mari, Lamiak, galtzagorriak eta, jakina, Napo, beti alboan duen asto leiala. Horiek guztiek eremu magikoa osatzen dute, zeinean ezinezkoa den ez amestea, esna egon arren. Olentzeroren etxeko sarrerako leloak dioen bezala, Izena duen guztia bada, izena duen guztia existitzen da, edo, bestela esanda, amesteak ez du mugarik.